Argazkilaritzari buruzko taller edo ekimena Karmelo Etxegarai ikastolan

Argazki elkarteko bi kidek, Jexus Artola eta Juan Carlos del Pozo-k, Karmelo Etxegarai ikastolatik etorritako eskakizun bat erantzunez, 5-6 urteko (HH5) ikasleei argazkigintzari buruzko taller edo ekimen bat ematera joan ziren. Hemen beraien hitzekin esperientzia horri buruzko azalpena:
Jexus Artola eta Juan Karlos Del Pozo joan ginen ikastolara martxo bukaerako goiz batean. Bertan, hiru gelatako haurrei erakutsi eta azaldu genizkien argazki-makina desberdinak eta nola atera daitezkeen argazkiak (luzetara, horizontalki, posturak, kamara mugitu gabe, tripodea, etab.). Gainera, geuk atera eta inprimatutako argazki desberdin batzuk ere erakutsi genizkien. Haurrak adi-adi egon ziren eta galderak egin zizkiguten argazkiak ikustean.
Bigarren ekintza bezala, Apirila hasierako goiz batean Sokamuturra eta Inauteri Giro-ko argazkiak ikustera etorri zien haurrak Betharramistetako erakusketara. Hiru talde etorri ziren goizean zehar, banaka sartuz erakusketara. Juan Karlos eta nik, Jexusek, hasieran Azpeitian sokamuturra noiztik egiten den (500 bat urte) eta honen inguruko beste kontu batzuk kontatu genizkien. Ondoren, argazkiak ikustera pasa ginen. Ikasleak oso gustura eta galdezka ibili ziren.
Azken ekintza bezala, apirileko bigarren asteazken arratsaldez Ikastolara gonbidatu gintuzten, HH5 mailako haurrek antolatu zuten erakusketara. Esperientzi bezala, beraiek ibili ziren argazkiak ateratzen eta ondoren argazki horiekin erakusketa antolatu zuten. Haurren familietako jende ugari bildu zen hura ikustera eta denak pozik ikusten ziren argazkigintzari buruz horrelako ekimena egin zelako.
Amaitzeko, guk ere, Azpeitiko Argazki Elkarte bezala, esker ona azaldu nahi diogu Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolari, eta batipat H.H.5 mailako irakasleei argazkilaritzari buruzko horrelako ekintza bat aurrera eramateagatik