Pepe Gil liburuaren aurkezpena

pepe gil liburuapepe gil liburua

Atzo larunbata aurkeztu genuen Pepe Gil argazki bildumarekin osaturiko liburua jende artean, Sanagustin Kulturgunean. Osasun arazoak medio, Pepe Gil argazkilariak ezin izan zuen bertara gerturatu, baina bertan izan zen bere ordez bere seme Enrique Gil.

Liburuaren aurkezpena, bertan agertzen diren hainbat argazkiren proiekzioarekin hasi zen, ondoren argazki elkarteko kide dugun Izaskun Zeziagak hartu zuen hitza, honek Pepe Gil argazkilariren ibilbideko hainbat xehetasunen berri eman zuelarik. 14 urte zituela etorri zen Zaragozatik, lehenik Donostira, eta gero Azpeitira, hemen igaro zituen urteetan milaka argazki atera zituelarik. Erretiratu zenean, Azkoitira joan zen bizitzera baina Azpeitian gelditu zen bere bilduma zabala. Pepe Gil, Mikel Ibarzabal ordungo zinegotziarekin jarri zen harremanetan, nahi izan ezkero bere argazki artxiboa bere eskuetan jartzen zuela esanez. Hau, orduan argazki elkartearekin jarri zen harremanetan eta gure esku jarri zuen irudi artxibo handi hori. Hainbat urtetan egon da material hori gure eskuetan, milaka argazkitik gorako altxorra, eta orain urte batzuk elkarteko Juan Joxe Agirre kidea, argazkiak digitalizatzeko lana bere gain hartzeko prest agertu zan.

Momentu honetan berak hartu zuen hitza eta prozesu osoa nola egin zen aurkeztu zuen, lan handia benetan. Guztira 23.400 argazki digitalizatu zituen: festetako argazki asko, herriko hainbat etxe, obrak... digitalizazio lanak amaitu eta aukeraketa luze baten ondoren, hoietako 550 argazkirekin liburu bat egiteko asmoa agertu zen, aurkezpen honetako liburua hain zuzen.

Ondoren Enrique Gil-ek hartu zuen hitza, benetan hunkituta, bere aitaren argazkiak liburu honetan jende artera ateratzeko eginiko lan guztia eskertu zuen. Udaletxearen izenean Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak omenezko garaikur bat eman zion eta elkarteko lehendakaria den Juan Mari Ibarzabal-en eskutik bere aitarentzako beste oroigarri berezi bat ere jaso zuen. Garaikur hau, Azpeitiko harmarria irudikatzen duen zubiko barandaren oroigarri bat da. Udaberriko Argazki Rallyko irabazleek jaso ohi dute, baina aitortza bereziak egiteko ere erabili ohi da elkartean, orain arte beste hiru pertsonek jaso dutelarik. Elkarteko Iñigo Olartek ere lora sorta bat eskaini zion bere amari emateko.

Hitzaldiaren ondoren, liburuaren salmenta ofizialki martxan jarri zen. Aurreko albisteetan agertu bezala astean zehar hainbat ordu ezberdinetan edukiko dugu liburua salgai baina bi egun hauetan izan den salmenta handia ikusiz jendeari azken egunerarte liburua erosteko zain ez gelditzeko gomendatzen diogu, libururik gabe gelditzeko arriskua izango bait du. Gaurko salmenta Sanjuandegin izango da, arratsaldeko 18:00etan, Izaro kafetegi inguruan.

Copyright © 2010 Azpeitiko Argazki Elkartea | Asociación Fotográfica de Azpeitia

Utilizamos cookies para mejorar la experiencia de navegación. Puede obtener más información en nuestra política de cookies.

  Acepto cookies de esta web.